viernes, 11 de junio de 2010

Futbol eskola martxan da Urnietan

1999 eta 2002 urteen artean jaiotako benjamin eta alebin mailako neska-mutilen formakuntza osatze aldera, futbol eskola martxan jarriko da irailaren hasieran. Jarduera euskaraz burutuko da, titulua duten teknikoen eskutik.
  • Tokia: Urnietako futbol zelaia.
  • Ordutegia: 16:45-18:00.
  • Hasiera: Irailak 6, astelehena.
  • Prezioa: 16 euro, hileko.
  • Izen emateko azken egun: Ekainak 27.

lunes, 7 de junio de 2010

Denboraldi amaierako afaria

2009-2010 denboraldi amaierako afaria eta sari banaketa Oianumen. Urnieta Kirol Elkarteko kadeteak, Jubenilak eta erregional mailako taldeetako jokalari, entrenatzaile eta jarraitzaileak.





jueves, 3 de junio de 2010

Urnietak mailari eusteko partida gogoangarria jokatu zuen






Urnietako erregional Gorengo edo Preferente mailako taldeak larunbat ilunabarrean Soraluze taldearen aurka penalti jaurtiketan irabazi ondoren mailari eustea lortu du.

  • Joaneko partida: Soraluze 0–1 Urnieta.
  • Itzulerako partida: Urnieta 0–1 Soraluze.
  • Berdinketa eta gero, norgehiagoka erabakitzeko penalti jaurtiketak: Urnieta 4–2 Soraluze.

Futboleko Gipuzkoako Preferente mailako bi multzoetan liga azken-hirugarren tokian bukatu zuten bi taldeek elkarren kontra jokatu zuten nork mailari eutsi eta nor jaitsi erabakitzeko. Aurreko asteburuan Soraluzen jokatutako partidan 0-1eko emaitzaz irabazi zuen Urnietako taldeak eta larunbateko partidan 0-1 irabazi zuen talde plaentxiarrak. Ondorengo luzapenean ez zen golik izan eta penalti jaurtiketetan etxekoen alde hautsi zen berdinketa.

Ez zen ondo hasi partida gorritxoentzat, eta lehenengo zatian nagusi izan ziren soraluzearrak, eta joko hobea erakutsiz markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. Atsedenaldiaren ondoren Rotetaren mutilak hartu zuten partidaren agintea baina gol aukera askorik ez zuten sortu eta sortutakoetan ez zuten asmatu. Gauzak horrela, luzapenera jo beharra izan zen. Nekeak gaindituta, borondate handia eta joko eskasa erakutsi zuten bi taldeek, uneoro defentsak aurrelariei nagusitu zitzaizkien eta 120 minuturen ondoren penalti jaurtiketetan zirt edo zart egin beharrean izan ziren. Zozketa egin ondoren kanpotarrei egokitu zitzaien lehenengo jaurtiketa egitea, eta hura barrura joan bazen ere, bigarrena Aritz Sorron, Urnietako atezainak gelditzea lortu zuen eta hirugarrenak zutoina jo ondoren laugarrena sareetara joan zen. Bitartean, urnietarren lau jaurtiketak sareetara joan ziren eta 4-2koarekin ez zen bosgarren penaltia jaurtitzeko beharrik izan. Sufrituta baina helburua lortutako pozarekin amaitu zuten jardunaldia. Zorionak!

JOKALARIEN ADIERAZPENAK
Andoni Sorronek eta Iker Lizarraldek luzaroan gogoratuko dituzte larunbat arratsaldeko norgehiaka amaitezinean bizi izandako tentsioa, estuasuna eta ondorengo poza.

Andoni Sorron
Pozik dago mailari eustea lortu dutelako. Kostata bada ere, hurrengo urtean maila berean lehiatzeko aterako dira zelaira. Lehia erabakitzeko penaltietara iritsi ziren urnietarrak eta soraluzetarrak. Une horretan Andonik atezain postuan zegoen Jon anaiari bi geldiketa egingo zituela esan zion, baita asmatu ere!

Behar bezala ospatu al zenuten mailari eustea?
A.S.Bai, lehenik, partida amaieran ondoko taberna batean ospatu genuen eta gauean Gaztedi jaietan.

Etxetik kanpo irabazi eta Urnietan galdu. Nola uler daiteke?
A.S.Etxeko partidarako 2-3 baja genituen eta hori nabaritu zen. Baina beno, behintzat nahi genuena lortu genuen: irabaztea eta mailari eustea.
Uste baino gehiago kosta zaigu. Bueltako partidarako lasaiago ibiliko ginela espero nuen, baina ez, ondo sufrituta lortu dugu mailari eustea.

Penaltietan zer nolako egoera bizi zenuen? Urduri zeunden?
A.S.Ni bai, urduri nengoen. Anaiari esan nion bi penalti geldituko zituela... baina gu urduri geunden.

Anaiari esandakoa bete zen.
A.S.Bai, bete zen. Eta eskerrak!

Hurrengo urtean jarraitzeko prest?
A.S.Bai, eta taldeko gehientsuenek ere uste dut baietz. Baten batek esan du utziko duela baina gehienak jarraitzeko asmoarekin gabiltza. Ea ez dugun aurten bezain beste sufritzen.

Zer nolako giroa duzue taldean?
A.S.Gure taldean elkarren artean ondo moldatzen gara, giro ona dugu, bai.

Denboraldi hobea egitea espero zenuten?
A.S.Hasieran pentsatzen genuen hobeto ibiliko ginela. Bateko eta besteko zuloan sartu gara baina espero genuen sailkapenean gorago ibiltzea.

Iker Lizarralde
Taldeko beteranoetakoa da. Denboraldi berria Preferente maila galduta hastea ez zuen pentsatu ere egin nahi. Berriro ere liga zailean jarraitzea motibagarria da berarentzat.

Norgehiagoka honetan parez pare ibili zarete, penaltietara iritsi arte.
I.L. Eta egia esan hango partida gurea izan behar zuen. Goitik behera nagusitu ginen, ikaragarria izan zen. Aukera ederra izan genuen 0-3 edo 0-4koa ekartzeko. Haiek baja dexente zituzten eta nabaritu zen. Guk, ordea, baja horiek itzulerakoan izan genituen eta hori ere nabaritu zen.
Han, joanekoan, erraz nagusitu ginen eta hemen ordea oso parekatua izan zen partida.
Penaltietara iritsi ginen eta uf!... ez dugu sekula horrelakorik bizi izan! Zuzenean maila galdu dugu, edo azken partidan mailari eutsi diogu, edota promozioa jokatuta igo edo jaitsi gara... baina penaltietara iristen ginen lehen aldia izan da. Tentsio handiko uneak izan ziren, bai.

Maila galduz gero, zer gerta zitekeen?
I.L.Berriro hastea bezala litzateke, eta hori oso zaila da. Behera jaitsiz gero kosta egiten delako igotzea. Kostata lortu genuen igoera orain hiru urte eta berriro ere jaistea motibazioari dagokionez oso gogorra litzateke. Preferente mailatik behera kirol maila asko jaisten da.

Garrantzitsua izango da taldeari euste aldera, ezta?
I.L.Noski baietz. Motibazioa da beste behin maila honetan jokatzea. Zeren eta beheko mailatan partida asko irabakiko genituzke baina bigarren fasea oso zaila da.
Gorengo edo Preferente mailan gaude berriro eta exigentzia oso handia da, baina hori bera ere motibagarria da.

Denboraldia uste baino kaskarragoa izan al da azkenean?
I.L.Aurredenboraldian fisikoki oso ondo geunden eta maila bikaina eman genuen. Ez dakigu zergatik baina denboraldi hasiera penagarria izan den, emaitza aldetik eta irudi aldetik. Oker ez banago lehen 7 partidatan puntu bakarra lortu genuen. Eta denboraldian zehar horri buelta ematea kosta egiten da.

Hurrengo denboraldian helburua zein izango da?
I.L.Ez sufritzea, hori izango da gure helburua. Azken hiru urteak sufrikario galanta pasa dugu. Aurreko urtean ere azken jardunaldian eutsi genion mailari. Urte lasaia izatea eskatzen diot hurrengoari, ea sailkapeneko erdialdean kokatzen garen.

Abantaila da taldekide gehienak jarraituko duzuela jakiteak...
I.L.Bai, guk deitzen diogun "Guardia Pretoriana" delakoak 7-8 urte daramagu elkarrekin jokatzen. Oinarria beretsua da eta, beraz, abantaila da elkarren ezagutza handia delako. Gure indarguneak eta ahulguneak zeintzu diren badakigu eta hori abantaila da.