jueves, 8 de julio de 2010

Donosti Cup txapelketako partida ugari Urnietan jokatzen ari dira

Uztailaren 5etik 8ra 25 partida jokatuko dira Urnietako futbol zelaian, bertako eta atzerriko taldeen parte hartzearekin.

Europako, Ameriketako, Afrikako eta Ozeaniako sei mila haur eta gazte parte hartzen ari dira XIX. Donosti Cup txapelketan. Aurreko igandean Anoeta estadioan hasiera eman zitzaion txapelketari eta larunbata bitarte ehunka partida jokatuko da Donostialdean eta Buruntzaldean. Urnietan, zehazki, 25 partida jokatuko dira. Asteazkenean, esaterako, zazpi partida jokatu ziren. Lehenengoan Ar-Be Atletico MM eta Assoc. Naval taldeak aurrez aurre aritu ziren. Jatorri, osaketa eta helburuei erreparatuta oso talde ezberdinak ziren. Ar-Be Atletico MM Donostiako San Patricio ikastetxeko ikasleek osatu dute; Mehmet Bayrakdae entrenatzaileak partida hasi aurretik adierazi zuenez, “Donostia Cup jokatzeko bildu dira denak ere; urtean zehar saskibaloian aritzen dira, bat ezik, Antiguotarrak taldearekin aritzen baita. Txapelketa honetara ondo pasatzera etorri gara. Lehen faseko beste bi partidak galdu egin ditugu eta ez daukagu bestelako asmorik”.
Associacáo Naval 1º de Mayo taldeko Paulinhak, ordea, bestelako asmoa erakusten du, “Portugaleko Figueira de Foz herrikoak gara eta lehen aldiz etorri gara Gipuzkoara. Ilusio handiarekin, gainera. Nazioarteko taldeak ezagutzeaz gain, ahalik eta partida gehien irabazteko asmoz. Aurreko egunetan partida bat irabazi eta beste aberdindu egin dugu eta aurrera jarraitzea espero dugu”.