miércoles, 30 de septiembre de 2009

Urriaren 3 eta 4ko partidak, emaitzak

Amara Berri 1–0 URNIETA ERREGIONALA
Martutene. Larunbata 3. 17:30

URNIETA JUBENILAK 2–3 Astigarragako Mundarro
Urnieta. Larunbata 3. 17:30
KRONIKA:
Golak: Endika Garcia eta Aitor Beldarrain.
Larunbat arratsaldean Urnietan jokatutako partidan kanpotarrak merezita nagusitu ziren. Franen mutilak ez zuten asmatu zelai erdiko jokoa antolatzen. Astigarragakoak lehen minutitik partidaren bila atera ziren zelaira, hala ere etxekoak izan ziran lehen gola eginez markagailuan aurrea hartu zutenak. Mundarrokoak ez ziren behera etorri eta bi gol ederri esker atsedenaldirako markagailua alde jarria zuten. Bigarren zatian Urnietakoek berdinketaren gola egitea lortu bazuten ere, azkenean ezin izan zioten berdinketari eutsi eta hirugarren gola jasota amaitu zuten partida. Bigarren zatiaren erdialdera arbitroak etxeko jokalari bat kanporatu zuen. Hamar jokalarirekin eta Sanmielen eraginarekin partida bukaera aldapatsua izan zen gorritxoentzako. Datorren larunbat arratsaldean irabazteko aukera paregabea izango du Urnietako taldeak Idiazabalen jokatuko duen partidan. Eutsi goiari!
URNIETA KADETEAK 7–1 Intxurre
Urnieta. Larunbata 3. 16:00

miércoles, 23 de septiembre de 2009

Irailaren 26-27ko partidak




Euskalduna 2-0 URNIETA KADETEAK

Andoain. Larunbata, 26. 11:30.
Intxurre 2-3 URNIETA JUBENILA
Alegia. Larunbata, 26. 15:30
URNIETA ERREGIONALA 0-2 Gure Txokoa
Urnieta. Ostirala, 25. 19:45.

Irailaren 18-19ko partidak, emaitzak

  • URNIETA JUBENILA 5–2 Segura
  • Munibe 3–2 URNIETA ERREGIONALA

Futbol denboraldi berriaren atarian



Pablo de Torre
Urnieta Kirol Elkarteko futbol taldeetako koordinatzailea













Denboraldia abian jartzen den bakoitzeko taldeen helburuez hitz egiteko joera dago. Atalaia honetatik talde bakoitzaren helburuez haratago jardungo dut.
Urnieta Kirol Elkartearen (UKE) helburua bilgunea izatean datza, kirol jarduerak ez ditzala jokalariak baldintzatu. Aitzitik, oreka pertsonala izan dezaten lagungarri izan dadila.
Guretzat futbola hezkuntza eremua da, balore ugari eskaintzeko aukera paregabea. Besteak beste:
  • Esfortzurako gaitasuna eta nor bere buruaren jabe izatea.
  • Kalitatezko joera osasuntsuak.
  • Prebentzioa.
  • Talde izaera.
  • Koherentzia.
  • Elkar laguntzea.
  • Sozializazioa.
  • Ezarritako arauei errespetua.
  • Ardura.

Hauek eta beste balore batzuk UKEren osagaiak dira eta oso garrantzitsuak pertsonaren hazkunde, garapen eta heziketan. Horretarako egitura egokia behar da: medioak, giza baliabideak, materiala. Esandako guztia hainbat jokalari, entrenatzaile, eragile eta gurasoengan eragitea lortuko bagenu, zalantzarik gabe gure helburu nagusia beteta legoke.
Horrela bakarrik iritsiko dira golak, garaipenak, ligak, kopak...

Taldez talde, hauexek helburuak:

ERREGIONALA, PREFERENTE MAILA. Joseba Rotetak zuzentzen duen taldeak iaz mailari eusteko azken jardunaldira arte itxaron behar izan zuen. Aurten sailkapeneko lehen bost postuetan egotea nahiko genuke. Egindako aurredenboraldi politean konfidantza handia dugu. Ea hori Ligako sailkapenean gauzatzen den eta denboraldia amaitu bitarte horrela izaten den.

JUBENILAK, LEHEN MAILA. Franek zuzendutako taldeak jokalari talde handiagoa dauka. Gipuzkoako kopa hainbat urtez jokatzen aritu eta gero, Jubenil mailako Ohorezko Mailara igotzeko fasean sartzea nahiko genuke.

KADETEAK, LEHEN MAILA. Jokalari kopuru aldetik laburra da, ziur Luis Herrero entrenatzaileak ahalik eta zukurik handiena aterako diela.

INFANTILAK, LEHEN MAILA. Maila hau garrantzitsuenetakoa da. Aurten bi talde izango ditugu Iker Lizarraldek eta Arkaitz Goyak zuzendutakoa, hurrenez hurren. Hasierako formakuntzarekin ondo asmatuz gero, kirol eta pertsona mailan onena ateratzea lortuko dugu.

INFANTILAK, NESKAK. Formakuntzari garrantzia handia emateaz gain, neska hauek oinarri hartuta emakumezkoen egitura osatu nahi da. Zereginetakoa hori izango da, emakumezkoen futbola egituratzea.

Omenaldia Urnieta Kirol Elkarteari



Egun bereziaren bezperetan, Ismael Hernandez, iazko azaroan 25 urte bete zituen kirol elkarte honen lehendakaria, eta Josu Garmendia, lehendakariordea elkarrizketatu ditu Aiurrik.


Nola sortu zen Urnietako kirol elkartea?
Josu Garmendia: Ordurako eskola-kirola martxan zegoen, bai Egapen, bai Presentacion de Marian. Baita ere, Udaleko kirol batzordean bazegoen zenbait jende arlo hori pixka bat bultzatzen. Ikusita bazeudela bi talde, batez ere Egape ikastolan zegoen eskubaloiko mutilen talde bat eskola-kirolan oso ondo zebilena, eta monjetakoa ere nahiko ondo. Horrek eraman gintuen udaleko kirol batzordean gaia aztertzera eta handik hasi zen bultzatzen talde bat sortzeko ideia. Ikastetxeetako ordezkariak ere parte hartzen zuten bilera haietan. Eta handik sortu zen kirol elkartea.

Hasieratik zaude taldean?
J.G.: Bai, 1991. urtean zinegotzi aukeratua izan nintzenean utzi nuen. Eta Udala utzi nuenetik berriro bertan nabil.

Eta zu Ismael?
Ismael Hernandez: Lehenengo mailako infantil taldearen entrenatzaile moduan hasi nintzen, taldearen lehenengo urtean bertan. Lehenengo bi urteetan infantil mailako taldeekin ibili ginen. Ondoren, jubenil taldea osatu zen Ricardo Fernandez entrenatzaile zela. Taldeekin ibili ondoren, 1992. urtean taldeko lehendakari izan nintzen. Eta duela bost urtetik gaur arte, berriro lehendakari lanetan nabil.

Zer eskaini dio UKEk Urnietako herriari?
J.G.: Adin oso zailetan dauden gazteei okupazio bat. Kirolaren inguruan lagunarte bat sortzen lagundu die askori.

Hasierako helburuak eta oraingoak berdinak al dira?
J.G.: Gaztetxoei aukera bat ematea zen orduko helburua. Orduan 14 urtetik aurrera ez zuten kirola egiten jarraitzeko aukerarik izaten. Futbolean onak zirenak Añorgara joaten ziren. Eta eskubaloian nabarmentzen zirenak Hernanira, eta gainontzekoak herrian gelditzen ziren inongo aukerarik gabe. Oraingo helburua antzekoa da, gazteei herrian kirola egiteko aukera ematea.
I.H.: Bai, baina garaiak aldatzen doaz, orain hori eta zertxobait gehiago eskatzen zaigu. Entrenatzaileen aldetik gauzak asko hobetu dira. Horrek kalitatea ematen du. Urte askotan, Urnietan inguruko herriak baino pixka bat beheraxeago egon izan baikara. Anaia pobrea izan gara.

Krisialdian gaude...
I.H.: Gure diru sarrerarik garrantzitsuena udaletxetik dator, eta aurten murriztu egingo digute eta horrek eragina izango du. Hortik kanpo nabaritzen da gauzak zailago daudela aurten. Beraz, ekonomia aldetik begiratuta urte konplexua izango da.

Epe laburrera proiektu berririk bai?
I.H.: Dagoena mantentzea. Pilotan gero eta jende gehiago dugu; eskubaloia ahulxeago dago, eta indartzea beharrezkoa litzateke, ondo finkatua gera dadin. Futbola, emakumeetan ezik, ondo errotua dago, orain gustatuko litzaidake talderen bat mailaz igotzea.

Erreleboaren beharrik ikusten duzue?
I.H.: Bai. Urte asko dira hemen sartuta. Gustura hartuko nuke erreleboa, beste ikuspuntu batetik hau guztia begiratzeko. Eta baita ere jende berria beharrezkoa delako.
J.G.: Beharrezkoa da taldera aire berria ekartzea, gurea ikusia dago. Beste dinamika batekin etorriko den jendea behar da. Baina egungo egoerari ez diogu irtenbide errazik ikusten, epe motzera, behintzat.

Bukatzeko, pozik omenaldiarekin?
I.H.: Eskertzekoa izango litzateke jende gehiago proiektu honetan murgiltzea, bazkide edo kolaboratzaile moduan. Hala ere, garrantzitsua da herritarrek gure lana errekonozitzen dutela jakitea.

2009ko irailaren 5ean egin zen taldeen aurkezpena



Azken bost urtetan egin den moduan, aurtengoan irailaren bostean egin zen Urnieta Kirol Elkarteko futbol sekzioaren aurkezpena. Urteroko moduan Pablo de Torres, Elkarteko futbol koordinatzailea arduratu zen ekitaldia prestatu eta zuzentzeaz. Eta ohi bezala lan txukuna burutu zuen. Iazko aurkezpena, taldearen 25. urteurrena ospatzen zela eta, berezia izan zen, baina aurtengoa ez zen gutxiago izan.
Egape Dantza Taldeko hamabi neskatxak parte hartu zuten ekitaldian, hainbat dantza eskainiz. Urnietako ereserkiaren erritmora hurbildu ziren kirolariak futbol zelaira. Harmailetan talde guztietako jokalariek bat eginik argazkia egin ostean, dantza taldekoek Agurra dantzatu zieten.
Ondoren, zelaira irten ziren talde guztiak banan bana, bozgorailuetatik jokalarien izen-abizenak esaten zituzten bitartean. Eta taldez-talde argazkiak egiten joan ziren hurbildutako argazkilariak eta kamerekin hurbildu zen hainbat guraso. Egapeko dantzariek distira handia eman zioten ekitaldiari, tarteka eskaintzen joan ziren dantzekin. Bukaeran, ekitaldira hurbildutako ikusleen txaloak jaso zituzten futbolariek zein dantzariek.
Sei izango dira aurtengoan Urnietan futbolean arituko diren taldeak, hauetako bost mutilenak, erregional, jubenil, kadete eta infantil mailakoez gain, aurten lehenengoz bi talde izango dira infantil mailan jokatuko dutenak, horietako bat lehenengo urtekoekin osatutakoa. Nabarmentzekoa da aurten nesken helduen talderik ez dela osatu, baina bai infantil mailakoa. Beraz, beheko mailetatik hasi eta berriro denbora asko baino lehen helduen mailan emakumeen taldea osatzeko asmotan dira.
Aurtengo beste berrikuntza nabarmen bat futbol zelaia bera izango da. Aurreko zelaia, urte luzeetako erabileraren ondorioz oso hondatua zegoen, eta gune batzuetan arriskutsua ere bai. Udan egindako belar artifizialaren aldaketarekin primerako zelaia izango dute hastear den denboraldian.
Aupa UKE!

martes, 22 de septiembre de 2009

Erregional mailako taldea, aurreko denboraldiko balorazioa

Aurredenboraldia abuztuaren 4an hasi ondoren, Urnietako talde erregionala maila mantentzeko gai izan zen ligako azken jardunaldian. Sufrimendu, gora-behera eta irregulartasun handiko urtea izan da, baina zorionez, UKE-k berriro ere lehen mailan jokatuko du datorren denboraldian.
Esan bezala, abuztuaren hasieran ekin zioten gorritxoek lanari ilusio handiz eta fitxaketa berriekin. Aurredenboraldi polita egin eta ilusioz beterik ekin zioten liga hasierari. Horrela, lehenbiziko partidetan irudi paregabea eman eta Joseba Rotetaren mutilak sailkapenaren goialdean kokatzeko gai izan ziren. Zoritxarrez, urte bukaera gertu zela, urnietarrak sailkapeneko azken lau taldeen aurka jarraian galdu eta goitik behera erori ziren. Ulertezina den gainbehera honek eragin handia izan zuen denboraldia bukatu arte. Partidatik partidara burua altxatzeko ezintasunak gorritxoak sailkapeneko putzura bidali zituen. Dena galduta zirudienean, taldeak erreakzio bikaina izan eta azken sei partidatan lortutako emaitza zoragarriei esker, mailari eustea lortu zuen azken jardunaldian.

Infantilak, aurreko denboraldiko balorazioa

Abuztuaren erdialdean ekin zioten Urnietako gaztetxoenek lanari. Taldeko jokalaririk gehienak infantil mailan lehen aldiz aritutakoak zirenez, zelai eta baloiaren tamaina eta arau berriei ahalik eta azkarrenen moldatzea hasierako helburu bezala finkatu zen.
Liga erregularrean talde zaila egokitu zitzaion talde gorritxoari eta tamalez sailkapeneko azken aurreko postuan bukatu zuten liga. Lazkao, Euskalduna edo Ordizia bezalako talde indartsuen aurka neurtu zituzten indarrak jokalariek eta itxura polita eman arren, emaitza gehienak ez ziren batere positiboak izan.
Liga eta gero kopa iritsi zen. Aurreko urteko arrakasta lortzea zaila zela jakinda, gorritxoek ilusioz beterik ekin zioten txapelketa honi. Jokalari berriek eskarmentu handiagoa zuten dagoeneko eta nabaritu zen txapelketa honen garapenean. Izan ere, partida politak egin eta puntu pila bat batzeko gai izan ziren. Txapelketaren bukaeran bigarren postu zoragarrian bukatu zuten gorritxoek denboraldi amaiera polita burutuz.