miércoles, 23 de septiembre de 2009

2009ko irailaren 5ean egin zen taldeen aurkezpena



Azken bost urtetan egin den moduan, aurtengoan irailaren bostean egin zen Urnieta Kirol Elkarteko futbol sekzioaren aurkezpena. Urteroko moduan Pablo de Torres, Elkarteko futbol koordinatzailea arduratu zen ekitaldia prestatu eta zuzentzeaz. Eta ohi bezala lan txukuna burutu zuen. Iazko aurkezpena, taldearen 25. urteurrena ospatzen zela eta, berezia izan zen, baina aurtengoa ez zen gutxiago izan.
Egape Dantza Taldeko hamabi neskatxak parte hartu zuten ekitaldian, hainbat dantza eskainiz. Urnietako ereserkiaren erritmora hurbildu ziren kirolariak futbol zelaira. Harmailetan talde guztietako jokalariek bat eginik argazkia egin ostean, dantza taldekoek Agurra dantzatu zieten.
Ondoren, zelaira irten ziren talde guztiak banan bana, bozgorailuetatik jokalarien izen-abizenak esaten zituzten bitartean. Eta taldez-talde argazkiak egiten joan ziren hurbildutako argazkilariak eta kamerekin hurbildu zen hainbat guraso. Egapeko dantzariek distira handia eman zioten ekitaldiari, tarteka eskaintzen joan ziren dantzekin. Bukaeran, ekitaldira hurbildutako ikusleen txaloak jaso zituzten futbolariek zein dantzariek.
Sei izango dira aurtengoan Urnietan futbolean arituko diren taldeak, hauetako bost mutilenak, erregional, jubenil, kadete eta infantil mailakoez gain, aurten lehenengoz bi talde izango dira infantil mailan jokatuko dutenak, horietako bat lehenengo urtekoekin osatutakoa. Nabarmentzekoa da aurten nesken helduen talderik ez dela osatu, baina bai infantil mailakoa. Beraz, beheko mailetatik hasi eta berriro denbora asko baino lehen helduen mailan emakumeen taldea osatzeko asmotan dira.
Aurtengo beste berrikuntza nabarmen bat futbol zelaia bera izango da. Aurreko zelaia, urte luzeetako erabileraren ondorioz oso hondatua zegoen, eta gune batzuetan arriskutsua ere bai. Udan egindako belar artifizialaren aldaketarekin primerako zelaia izango dute hastear den denboraldian.
Aupa UKE!

No hay comentarios:

Publicar un comentario