miércoles, 23 de septiembre de 2009

Omenaldia Urnieta Kirol Elkarteari



Egun bereziaren bezperetan, Ismael Hernandez, iazko azaroan 25 urte bete zituen kirol elkarte honen lehendakaria, eta Josu Garmendia, lehendakariordea elkarrizketatu ditu Aiurrik.


Nola sortu zen Urnietako kirol elkartea?
Josu Garmendia: Ordurako eskola-kirola martxan zegoen, bai Egapen, bai Presentacion de Marian. Baita ere, Udaleko kirol batzordean bazegoen zenbait jende arlo hori pixka bat bultzatzen. Ikusita bazeudela bi talde, batez ere Egape ikastolan zegoen eskubaloiko mutilen talde bat eskola-kirolan oso ondo zebilena, eta monjetakoa ere nahiko ondo. Horrek eraman gintuen udaleko kirol batzordean gaia aztertzera eta handik hasi zen bultzatzen talde bat sortzeko ideia. Ikastetxeetako ordezkariak ere parte hartzen zuten bilera haietan. Eta handik sortu zen kirol elkartea.

Hasieratik zaude taldean?
J.G.: Bai, 1991. urtean zinegotzi aukeratua izan nintzenean utzi nuen. Eta Udala utzi nuenetik berriro bertan nabil.

Eta zu Ismael?
Ismael Hernandez: Lehenengo mailako infantil taldearen entrenatzaile moduan hasi nintzen, taldearen lehenengo urtean bertan. Lehenengo bi urteetan infantil mailako taldeekin ibili ginen. Ondoren, jubenil taldea osatu zen Ricardo Fernandez entrenatzaile zela. Taldeekin ibili ondoren, 1992. urtean taldeko lehendakari izan nintzen. Eta duela bost urtetik gaur arte, berriro lehendakari lanetan nabil.

Zer eskaini dio UKEk Urnietako herriari?
J.G.: Adin oso zailetan dauden gazteei okupazio bat. Kirolaren inguruan lagunarte bat sortzen lagundu die askori.

Hasierako helburuak eta oraingoak berdinak al dira?
J.G.: Gaztetxoei aukera bat ematea zen orduko helburua. Orduan 14 urtetik aurrera ez zuten kirola egiten jarraitzeko aukerarik izaten. Futbolean onak zirenak Añorgara joaten ziren. Eta eskubaloian nabarmentzen zirenak Hernanira, eta gainontzekoak herrian gelditzen ziren inongo aukerarik gabe. Oraingo helburua antzekoa da, gazteei herrian kirola egiteko aukera ematea.
I.H.: Bai, baina garaiak aldatzen doaz, orain hori eta zertxobait gehiago eskatzen zaigu. Entrenatzaileen aldetik gauzak asko hobetu dira. Horrek kalitatea ematen du. Urte askotan, Urnietan inguruko herriak baino pixka bat beheraxeago egon izan baikara. Anaia pobrea izan gara.

Krisialdian gaude...
I.H.: Gure diru sarrerarik garrantzitsuena udaletxetik dator, eta aurten murriztu egingo digute eta horrek eragina izango du. Hortik kanpo nabaritzen da gauzak zailago daudela aurten. Beraz, ekonomia aldetik begiratuta urte konplexua izango da.

Epe laburrera proiektu berririk bai?
I.H.: Dagoena mantentzea. Pilotan gero eta jende gehiago dugu; eskubaloia ahulxeago dago, eta indartzea beharrezkoa litzateke, ondo finkatua gera dadin. Futbola, emakumeetan ezik, ondo errotua dago, orain gustatuko litzaidake talderen bat mailaz igotzea.

Erreleboaren beharrik ikusten duzue?
I.H.: Bai. Urte asko dira hemen sartuta. Gustura hartuko nuke erreleboa, beste ikuspuntu batetik hau guztia begiratzeko. Eta baita ere jende berria beharrezkoa delako.
J.G.: Beharrezkoa da taldera aire berria ekartzea, gurea ikusia dago. Beste dinamika batekin etorriko den jendea behar da. Baina egungo egoerari ez diogu irtenbide errazik ikusten, epe motzera, behintzat.

Bukatzeko, pozik omenaldiarekin?
I.H.: Eskertzekoa izango litzateke jende gehiago proiektu honetan murgiltzea, bazkide edo kolaboratzaile moduan. Hala ere, garrantzitsua da herritarrek gure lana errekonozitzen dutela jakitea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario