lunes, 10 de mayo de 2010

Urnietako jubenilak, igoera fasea: Urnieta 3–2 Pasajes

URNIETA KIROL ELKARTEA
Urnieta 3–2 Pasajes
Golak: Dani Gomez, Ion Oruna, Miguel Ramos.
Igoera Fasea, JUBENILAK. Partida borrokatua jokatu zuten jubenil mailako mutilek. Bi taldeek asko borrokatu beharra izan zuten baloiaren jabetza lortzeko. Hala ere, ondo mugitu zuten eta gol aukera dezente izan zituzten.
Lehenengo zatiari ondo jokatuz eman zion hasiera etxeko taldeak, joko polita erakutsi zuen, batez ere ezkerraldetik behin eta berriro egindako erasoko jokaldietan; eta luza gabe iritsi zen lehenengo gola, Ionen jokaldi polit bat Danik buruz sareetara bidalita. Pasaitarrak aurrera jo zuten eta urrutitik egindako jaurtiketa batean berdinketaren gola lortu bazuten ere gorritxoak ez ziren kikildu eta arriskuarekin behin eta berriz aurkariaren ate aurrera iristen ziren, eta lehen zatia amaitu aurretik bigarren gola egin zuen Ionek; aurrez Ibanen erremate bat langara joan zen.
Bigarren zatian, Ibanek atezain moduan jokatu zuen Guti atezainak lanera joan beharra zuelako eta biak ala biak bere eginkizuna ondo baino hobetu bete zuten. Berdinketaren bila atera ziren kanpotarrak eta baita lortu ere. Binako berdinketarekin Franek hainbat aldaketa egin zituen eta urnietarrak partidaren azken zatian izugarrizko ahalegina eginez garaipenaren bila joan ziren, eta 90.minutua ondo pasata zela iritsi zen hiru puntuak emango zizkien gola jokaldi nahasi batean zelairatu berri zen Miguelek atezaina gainditzea lortu zuenean. Partida gogorraren ondoren pozez jaso zuten garaipena jokalari zein entrenatzaileak.
Garaipen honekin eta bi partidaren faltan bosgarren postuan daude eta jada ia eskuraezina da hirugarren postua, batez ere sailkapenean aurretik dauden Real Union eta Baskonia taldeek kategoria altuagoetan jokatzen duten jokalariak erabiltzen dituztelako taldea indartzeko liga amaiera honetan.
Larunbatean etxeko azken partida jokatuko dute Eas talde donostiarraren aurka, aukera polita zaletuei azken garaipen bat eskaintzeko. Aupa Urnieta!

No hay comentarios:

Publicar un comentario