miércoles, 8 de septiembre de 2010

Denboraldi berria martxan



Maisu, eredu dira urnietarrak denboraldi atariko aurkezpenei dagokionez. Jokalariei garrantzia emanez, musikaz eta dantzaz alaituriko ekitaldi arina eta ikusgarria antolatu zuten. Pablo de Torres hor zebilen aginduak bati eta besteari ematen. Xabier Ubeda argazkilariak minutu batez “kendu” zion aginte-makila, hainbeste lan ematen duen taldeko argazkia ateratzeko hain zuzen.
Irailaren 4a garrantzitsua izan zen Urnieta Kirol Elkarteko futbol atalarentzat. Goizean burutu zen jubenil mailako Ricard-Begiristain memoriala. Eta, bazkalostean, denboraldiari hasiera ematen dion taldeen aurkezpen-ekitaldia.
Urnietako futbol zelaian bertan Ismael Hernandez lehendakariak 2010-2011. denboraldiaren gakoak zeintzu izango diren eskaini dizkio Aiurri astekariari:

Denboraldi berriari ekiteko gogotsu zaudete?
Ismael Hernandez. Bai, hasiera berezia izaten ari da. Izan ere, aldaketak izan dira egituran. Inoiz baino talde gehiagorekin abiatu gara, zazpi talderekin hain zuzen. Emakumezko bi talde eta mutilen maila ezberdinetan beste bost.
Alderdi teknikoan, arrazoi ezberdinak direla medio, aldaketak egin ditugu. Ikusteko dago aldaketek zer nolako eragina duten baina urte garrantzitsua izango delakoan gaude. Gure aurreikuspenak oso onak dira, talderen batek igoera lor dezake... Ilusio horrekin ekin diogu denboraldi berriari.

Aurrekoa baino hobea izango al da?
I.H. Ilusio horrekin abiatu gara. Egin ditugun aldaketak direla eta ikusteke dago zer gertatuko den. Aldaketak era berean logikoak izan dira. Izan ere zikloak egon ohi dira kirol taldeetan. Baina ilusioa bereziki handia da talde gehienak ia urnietarrez bakarrik osatu direlako.
Behingoz, futbol eskola martxan jarri dugu eta horregatik oso pozik gaude. Oinarri garrantzitsua izango da haur eta gazteen mailako taldeen garapenean.

Estuasun handienak goi mailako taldeetan sortzen dira?
I.H. Bai, aurten zailtasuna entrenatzaile aldaketaren eraginez etorri da. Benetan kosta egin zaigula gure filosofiara egokitutako prestatzaileak aurkitzea. Azken unerarte lanean izan gara, uda osoan. Lortu dugulakoan gaude eta emaitza onak eskuratzea espero dugu.
Erregional mailan aldaketa garrantzitsua eman da. Urnieta KE-ren ikurra da eta lan handia egin beharko da. Bestalde, jubenil mailan oso talde orekatua dugu eta lehen taldearentzat lagungarri izango da.

Preferente mailako entrenatzailearen inguruan, zer esan?
I.H. Iñigo Mendia 28 urteko gaztea da, ilusio handirekin etorri dena. Futbola maite du eta konfidantza eta babesa eman behar diogu. Ni bereziki oso ilusionatuta nago, etorkizun oparoa ikusten diodalako.

Jokalariek zer nola hartu dute hain entrenatzaile gaztea?
I.H. Oso ondo hartu dute. Bat datoz denak, eta alde horretatik oso garrantzitsua da. Taldearen gakoa aldagela da, konpromiso maila handia erakusten ari baitira. Horretan oinarriturik eta jubenilen laguntzarekin helburua lortuko dugulakoan gaude. Esan dudan bezala, lehen taldea gure ikurra da.

Herritarrek ikusten ez duten zenbat lan dago klubaren baitan?
I.H. Uf! Asko eta asko. Denboraldia amaitu zenetik uda osoa eman dugu 2010-2011. denboraldia prestatzen. Entrenatzaile egokiak aurkitzen lan eta lan aritu gara. Taldera murgildu den azken entrenatzailea aurreko astean hitzartu genuen, beraz, hori bera nahiko adierazgarria da.

Zorte on denboraldi berrirako!
I.H. Eskerrik asko.

Argazkiak, taldez talde aiurri.com gunean Argazkiak atalean

No hay comentarios:

Publicar un comentario