viernes, 17 de septiembre de 2010

Iñigo Mendia, Erregional mailako entrenatzailea



Iñigo Mendia (Tolosa, 1982) oso gaztea da. Bere adinetik gorako jokalari, entrenatzaile eta epaile ugarirekin topo egingo du denboraldian. Urnietan lana eta pasioa uztartu ditu, injenieritza eta futbola. "Bertan bizitzen jartzea bakarrik falta zait!" dio irribarretsu, elkarrizketa hasi aurretik.


Urnietako lehen taldera iristen ia azkena izan zara, ezta?
I.M. Azken unean sartu nintzen lehen taldean. Pablo de Torresen bitartez nire lehen asmoa jubenil mailako taldea hartzea zen. Azken unean, ordea, Preferente mailako taldea hartzea proposatu zidaten eta baiezkoa erantzun nien.

Errespetua, beldurra, ardura..., horrelakorik sentitu al zenuen?
I.M. Ez, alde horretatik ez. Erregional mailako beste talde bat entrenatu dut, maila apalagoa zuena. Baina maila horretan esperientzia badut.

Zure adinean ez zarete asko izango...
I.M. Oso gutxi gara, bai.

Zergatik Urnieta?
I.M. Proposamena egin zidaten eta niretzat aurrerapausoa zen. Horregatik etorri naiz Urnietara. Lehen mailako erregional mailatik Gorengora pasako naiz Urnietako taldearekin. Maila batetik bestera teknikoki, fisikoki eta taktikoki aldaketa handiak daude. Baloiarekin gehiago jokatzen da eta jokoa azkarragoa da.

Lehen partida jokatu duzue, zer nolako balorazioa egiten duzu?
I.M. Lehen puntua eskuratu genuen, zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen nik. Hasi eta berehala aurkariek sartutako golarekin partida maldan gora jarri zitzaigun. Bigarren zatian egoera aldatu eta berdintzea lortu genuen. Joko aldetik hobeto aritu ginen, aukerak sortu genituen eta soilik bigarrena sartzea falta zitzaigun.

Estrategiaren aldetik lan asko egiten al duzue?
I.M. Nik gustukoa dut, elementu garrantzitsua da. Puntu asko lor daitezke erasoan; eta defentsan lan onari esker baita gol asko saihestu ere.

Jubenilak erabiltzeko asmorik ba al duzu?
I.M. Klubarekin hitz egindakoaren arabera, noizean behin jokalariren bat deitzeko aukera izango dut.

Taldea, pertsonak..., dena berria izango da zuretzat...
I.M. Nire lehen inpresioa ona da, azpimarratzekoa da taldean dagoen batasuna. Hori kontuan hartuta gauza asko lor daitezkeela uste dut.

Urnieta KE elkarteko lehendakariak zure aldeko hitzak izan zituen, konfiantza handia du zugan…
I.M. Horrek gehiago animatzen nau. Taldearekiko konpromiso handiagoa erakusteko eta lan gehiago egiteko gogoa piztu du nigan. Gauzak hobeto eginez ahalik eta puntu gehien lortzea da nire asmoa.

Noraino iristea nahiko zenuke lehen taldearekin?
I.M. Ahalik eta posturik gorenean amaitzea da gure desioa. Ahal dela sailkapenaren erdialdetik gora.

Urnietak jokatuko duen Ligan zein talde nabarmenduko zenituzke?
I.M. Euskaldunaz ezer gutxi dakit. Bestela, Urola taldea nabarmenduko nuke. Talde txukuna osatu du. Iaz Ohorezko mailan Idiazabal taldea zuzendu zuen entrenatzaileak Urolaren ardura hartu du eta badakit berarekin batera hainbat jokalari iritsi dela.
Maila oneko jokalariak dira, klubaren intentzioa mailaz igotzea izango dela argi dago, beraz. Oso talde gogorra izango da.

Urnietako zelaian zer nolako jokoa egin nahiko zenuke?
I.M. Ahalik eta jokorik praktikoena egin nahi dut, nire jokalarien ezaugarrien araberakoa. Zaletuek jakin dezatela jokalariei esan niena, "zelaian sufritu sailkapen nagusian ez sufritzeko".

No hay comentarios:

Publicar un comentario